XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Errealitate objetibuaren fenomenu eta adierazpen diren gauzek beren aginte edo lehen-mailakotza ezartzen dutelarik (eta aginte hori kontzientzia subjetibudun artistak onartzen duelarik), sensibilitate errealista berezi baten bitartez fenomenu horiek arte-gai bihurtzea inpresionismoaren joera da.

Inpresionismoa ez da, ordea, naturalismo soila, ez eta, sozial arloan, kostunbrismo ere, errealitate nagusitik abiatuz arte integratzaile eta era berean norberetu bat sortzeko moldea baizik (nahiz eta zentzurik txarrenean jasotako azalezko inpresioek errealitatearen interpretatze eskas batetara eraman ahal izan, bai pintura-literaturan, bai eta pentsamenduaren arloan ere).

Gauzak hor daude, gauzen mundu zabala beti sensibilitatearen aurrean egiztatuz ari zaigu.

Gauzak dira garrantzitsu, inguru objetibuaren zehaztasun guztiak.

Eta horrela izanik, gauzen gauzatasunaz jabetzea, errealitate objetibu batetatik abiatuz artea egitea, aukera litekeen biderik ederrenetako bat da.

Lizardi poeta zehatza zen, fenomenuen kontatzaile eta aztertzaile.

Lizardi, barne-egarriz beterik, inguru material eta gizartetsu bereziaz bildurik aurkitzen dugu.

Bera guztiaz ohartzen zen, gauzen edertasunaz, bizitzaren laburraz denboraren aldakortasunaz, gizonaren antsia mugagabe eta ahalmen mugatuetaz.

Inguru sozialaz ere bai; euskal gizartearen premia eta burrukaz.